ZUHARA
ITSASOAREN DEIA
Zuharak
badu Instagramen
bere txokoa.
Sartu eta harekin
harremanetan jarri!
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;
oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:
oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:
oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
Lehen argitaraldia: 2021eko ekaina
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza
izan du liburu honek.
© 2021, Amaia Telleria
© Argitaraldi honena: 2018, ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: 943 63 28 14
alberdania@alberdania.net
www.alberdania.net
Azala eta marrazkiak: Laida Ruiz.
Inprimatzailea: Ulzama (Huarte, Nafarroa)
ISBN digitala: 978-84-9868-678-4
ISBN papera: 978-84-9868-677-7
Legezko gordailua: D. 653/2021
Amaia telleria
Marrazkiak
Laida Ruiz
ALBERDANIA
ZUHARA saila
Endika eta Eleneri
Kaia eta Gael eskuaz agurtu zituen Zuharak, eta indarra egin zuen eskailerako mailan gora, uretatik erabat irten arte. Arrokan eseri zen, eguzkiak azala lehortu zain, ur azpian desagertuz zihoazen bere lagunen isatsei begira.
Begiak itxi zituen, pazientzia bilduz. «Mingarria izango da, baina aurre egin behar diozu», esan zion bere buruari irmotasunez.
Itsaslabarreko hondartza txikiko isiltasunean, kalkulatzea zaila egin zitzaion denbora eman zuen, aldakan presio izugarria sumatzen hasi zenerako. Ukabilak estutu zituen, arnasa hartzeaz bat. Dardara bortitz batek gorputz osoa astindu zion bat-batean, eta isatseko hezurra bitan banatzen zitzaiola sentitzen zuen. Garrasi sarkor bat atera zitzaion. Oinak inurriturik sentitu zituen. Oinak… «Oinak ditut berriz ere, beraz…». Begiak zabaldu zituen, urduri, eta isatseko azala tapaki bat balitz bezala sentitu zuen izterren gainean, solte. Tira egin zien hankei, poliki; itsaslamiaren isatsaren azala arrokaren gainean geratu zen.
Norbaitek etxolako atea zabaldu zuen bat-batean.
–Zuhara! –Ama zegoen atean, ilea motots batean bilduta eta pomada baten arrastoa masailean.
–Lanean hasi zara berriz? –galdetu zion Zuharak. Ama tentuz gerturatu zen, eta eskua luzatu zion altxatzen laguntzeko.
–Pixkanaka…
–Bera al da? –entzun zen etxola barrutik amonaren ahotsa. Zuhara zutitu zen, amaren eskuari helduta, eta amak goxo bezain labur besarkatu zuen.
Amak etxola barrura lagundu zion, Zuhara oinez ahaztuta balego bezala. Amona sarrerara inguratzen hasia zen, aurpegia maskara berdexka batez estalita.
–Amona! –egin zuen garrasi Zuharak, sekulako sustoa hartuta.
Barrez lehertu zen amona, Zuhara besoen artean estutzen zuen bitartean. Christinek ere barre egin zuen.
–Zure amaren pomada bat da, neska! – sorbaldak uzkurtu zituen amonak.
«Lehen kostata begiratzen zioten elkarri, eta hotz!», pentsatu zuen Zuharak bere kolkorako. Amonak lepoko orrazia hartu zion esku artean.
–O… Bai dotorea! Ikusi duzu, Christine?
Amak baiezkoa egin zuen buruaz, irribarrez. Sukaldeko aulki batean eserarazita, zapi batekin estali zizkioten sorbaldak, eta amona ilea orrazten hasi zitzaion, amak umetan egin ohi zion modu berean. Pareko aulkitik begira zuen orain ama.
–Eta… zer iruditu zaizu? –galdetu zion ahots leunez, alabari bular artean dantza egiten zion orraziari begira.
–Lumeraga?
–Lumeraga, itsasoa… Guztia.
–Sekulakoa! –Irribarrea loratu zitzaion oroitze hutsarekin–. Ez dauka mundu honekin zerikusirik. Libre izan naiz han, lagunak egin ditut…
–Ja! Banekien zu gure kastakoa zinela! –Orrazia airean astindu zuen amonak, bozkarioz. Nabaria zen, aldiz, ama urduri zegoela.
–Ondo hartu al zaituzte?
–Zergatik ez ninduten, ba, ondo hartu behar?
–galdetu zion Zuharak erronka kutsuko tonuan, baina ezer gehiago galdetzera ausartu gabe. Amak begirada jaitsi zuen, iheska.
–Auskalo…
–Kontatu, Zuhara, zer zeregin jarri dizute? –Amonak, nostalgiak hartuta, galdera bat bestearen atzetik egiten zion bilobari–: Nola dago Perpetua? Ezagutu al duzu Sotero Zuloaga? Agatek ondo al darama alkatetza?
–Pentsatzen aritu naiz… Bueno, erabaki egin dut… –hasi zen Zuhara, eskatutako informazio guztiak emandakoan–. Han geratu nahi dut.
Amonaren eskuak sorbaldetan sentitu zituen neskak. Amak begiak zabal-zabalik begiratu zion hitz egin aurretik:
–Han…? Eta… ikasketak, lagunak…
–Lagunik ez daukat hemen, ama, zerorrek esan zenuen. Eta hemengo ikasketak ez ditut beharko han behean. Arrantzarako prestatuko naiz.
–Hori erokeria da, Zuhara! Egunen batean itzultzea erabakitzen baduzu, zer?
–Zertarako itzuli behar dut hona?!
–Entzun… –hasi zen amona, bakea egin nahian–. Badakit badirela modu batzuk, zera… ikastetxera joan gabe ikasteko… Ez da tontakeria agian, Zuhara, ikasketa horietakoren bat egitea. Badaezpada ere…
Zuharak ezin izan zion amonari hitz egin amari erantzungo ziokeen modu berean:
–Amona, zertarako…
–Ez dago jakiterik… Ez zaizu hainbeste kostatuko hemengo lanak aurreratzen joatea, azkarra zara. Azterketak egin behar dituzunean, gu bisitatzera etorri eta kitto! Ez duzu, ba, pentsatuko gu gehiago ez ikusterik?
Pentsakor geratu zen Zuhara: «Horixe badudala bueltatzeko asmoa… Tarteka etorriko naiz… Nola ez, ba…».
–Eta aita, zer?
Amaren hitzek begirada altxarazi zioten kolpean Zuharari. «Zuk egin zenuen ihes aitarengandik hain zurea duzun ihes egiteko joera madarikatu horrekin! Zuk egin zenuen hori! Orain zertara dator hau?», eztanda egin zuen azkenean pentsamenduz, erabateko isiltasunean.
–Orain akordatzen zara aitarekin? –galdetu zion zuhurtziak agindutako isilune baten ondoren.
–Zuhara, ez dut inoiz alde batera utzi, egin beharrekoa egin nuen…
–Bakea behar dugu, neskak! –Amona, orrazia mahai gainean utzi, eta bien artera inguratu zen–. Aitari ere bisitak egin beharko zenizkioke, noski. Udalekuaren istorioa erraz irentsi du, eta barnetegi batean zaudela ere sinetsi dezake. Baina bisitatu egin behar duzu, eta gu ere bai.
–Zentzua izan dezake –onartu zuen Zuharak, pentsakor. Amak amore eman zuen, hasperen eginez.
–Erabakita dago, orduan? –galdetu zuen gero, ezerezari begira.
–Amonak errespetatu zuen zu itsasotik irtetea, zergatik ezin duzu zuk kontrakoa errespetatu? –leporatu zion Zuharak.
Amak ez zuen halakorik espero. Hitzik esan gabe begiratu zion pixka batean.
–Arrazoi duzu… –aitortu zion azkenean. Amonak ukabilak estutu zituen, ospakizun keinu disimulatu batean.
–Ondo pentsatuko dugu guztia… –adierazi zuen Zuharak, ama baiezkora bidean ikusita, azken bultzada eman nahian. Ez zen gehiago galdetzera ausartzen…: «Ezin diot galdetu hainbeste denboran galdetu nahi izan diodana…».
–Jakina. Eta aitarekin hitz egin beharko da
–tematu zen ama, begirada eskuetan jarrita.
–Joango naiz berarekin egun batzuk pasatzera. Badut ikusteko gogoa.
Une hartatik aurrera, izugarri lasaitu zen giroa Zokoagakoen etxean. Amonak guztia jakin nahi zuen, eta ama adi asko egon zen kontakizun osoan.
–Zerk harritu zaitu gehien ikusi duzun guztiaren artean? –galdetu zion, azkenean, amonak.
Pentsakor geratu zen Zuhara: balea arrantza izugarrizko abentura izan zen; Asradienak arrisku gorrian jarri zuen; Lumeraga bera ametsetako herria zen…
–Nik neuk, akaso… –erabaki zuen, konturatzen hasita zein urrun zegoen uda hasieran maleta hondarretan tiraka ekarri zuen Zuhara harengandik–. Egoera berrira irekitzea erronka ikaragarria izan da niretzat, arrantzan ikastea eta laguntzeko gai izatea bezala! Botereak dauzkat, amona, botereak!!! Ezin duzu sinetsi zein baliagarri naizen orain taldean.
Amak ezagutzen ez zion harrotasun batez ari zen Zuhara bere buruaz, eta tentuz mintzatu zen Christine, eskuak altxatuta, alaba ez zapuzteko:
–Oso ondo dago hori dena, Zuhara, benetan… Baina gauza bat esan nahi dizut…: ez zaitzatela aldatu –alabak ulertu ezinik begiratzen zionez, hizketan jarraitu zuen–: Beti izan duzu zuk orain aurkitu duzun balio hori, zeure buruari onartzea falta zenuen, besterik ez… Eta nik ez nuke nahi inork edo ezerk zure urrezko bihotz hori aldatu dezan…
–Zertara dator hori? –erantzun zion Zuharak bekainak jasota, errebelde. Amak esandakoaren hazia bere baitan ernetzen hasi zen, ordea, eta mila galderatan loratu: «Asradi hura hilko ote zuen urrezko bihotza daukan norbaitek? Edo banuen beste biderik? Baina hura akabatzeak taldearen onespena ekarri zidan…».
Joanes zaharrak Zokoako itsasargia piztu zuenetik ordu batzuetara isil-isilik zegoen Lapurdiko kostaldea, han arimarik ere ez zegoela ematen zuen. Lo ziren guztiak inguruetan, zakurra paseatzera edo elkarri zirrika jarduteko asmotan ezkututako bikoteren bat edo beste salbu.
Bazen, hala ere, Kantauri itsasoaren koloreko begi parea, gau hartan sabaiko zintzilikarioei begira orduak pasatuko zituena.
Bat-batean atentzioa eman zion Zuharari olatuen soinu erritmikoa ebakitzen zuen txistu hotsak. «Norbait ote dabil hor?», pentsatuta, izara gainetik kendu zuen, eta isilka atera zen etxolatik. Bare ikusi zuen guztia ilargiaren argitan. Beti bezala.
–Uretatik kanpo ez nauzu ezagutzen, ala?
Ia salto egin zuen neskak itsaslabarreko eskaileratik zetorren ahotsa entzundakoan. Gael, lehor-lehor, zutik zegoen, gorputza kobako horman bermatuta eta zuriz jantzita.
–Baina…! Zer egiten duzu zuk hemen? Eta nolatan dakizu euskaraz?
–Gutxi dakit… –aitortu zuen. Gaelek motel-motel hitz egiten zuen, hitzak banan-banan pentsatu beharko balitu bezala.
–Guztiak esnatu aurretik… buelta bat?
Baiezkoa egin zuen Zuharak buruaz. Galderak eztarrian pilatzen ari zitzaizkion. Etxolatik urruntzen hasi ziren, isilik, lurrera begira. Arraro sentitzen zen neska egoera hartan, Gaelekin bakarrik, lehorrean, gauez…
–Nondik atera duzu arropa? –galdetu zion azkenean Zuharak, une batez irudikatuz mutila biluzik agertzea izango zela normalena.
–Aitak erabiltzen zuen. –Besoak zabaldu zituen Gaelek, lagunak bere itxura azter zezan. Gero, irribarre egin zuen, lotsati–. Ez da konturatu.
–Badakite etorri zarela?
–Kobeagako leizean geratu da Kaia Pierrick-ekin. Seko zeuden biak.
Barre egin zuen Zuharak atalo erraldoia eta Kaia, zein baino zein lo sakonagoan imajinatzean. Isilik jarraitu zuten gero. Gael arroka batean pausatu zen, eskuak izterren gainean elkartuta. Zuharak zerbait esateko premia sentitu zuen:
–Eta zuk ez zeneukan logurarik, ala?
Irribarre egin zuen Gaelek, begirada ezerezean galduta, pentsakor, zerbait erabaki nahian bezala.
–Urduri nengoen.
–Bidaiagatik? –Eskuak izerdituta sentitu zituen Zuharak, arrazoia jakin gabe. Gaelek begirada zuzendu zion, erantzun moduan:
–Ez.
Izoztuta geratu zen Zuhara. «Eta hori da dena? Ez ote du beste ezer esateko asmorik?», zapuztu zen.
Elkarri begira geratu ziren biak pixka batean, isilik. Gaelek gorputza biratu zuen, Zuhararengana gerturatzeko. Konturatzerako, Zuhara ere gorputza aurreratzen ari zen. Bien ezpainak elkartu egin ziren, bat-batean, lotsati. Begiak itxi zituen Zuharak lehenengo musua dastatzeko.
Gaelek eskua eraman zion masailera, musua luzatzen zuen bitartean. Zuharak irribarre zoriontsua egin zion. Gaelek irribarrea itzuli zion, lotsati, burua atzeratzen zuen bitartean.
–Aspalditik neukan gogoa… eta ez dakit noiz ikusiko zaitudan berriz…
–Laster.
–Laster?
–Bai. Erabakita dago. –Irribarre ezin zabalagoarekin besarkatu zuen Zuharak. Orraziak dantza egin zion bularren artean.
Gau hartan, aparretan zilarrezko isats bat desagertzearekin batera, neska gazte batek hondarretan utzi zituen bere hanka-arrastoak, iluntasunean begirada galduta, irribarrez, bihotza marearen kulunkan bare. Urak ezabatu egiten zituen oinatzak haien gainetik igarotzean. Sakon-sakonetik heldu zitzaion une hartan sentitu zuen segurtasun erabatekoa: «Itsasoak segituan estaltzen ditu oinazeak. Desagertu egiten dira. Itsasoak oparitu dit zoriona. Nola uko egin bere deiari?».
Eskertza
Enarari, Zuhara eta nire bidaide izateagatik, mila esker. Baita ama eta Edurneri ere, lehen kritikengatik. Dorleta eta alabei, gaztetxoen mundura sartzeko oniritzia emateagatik. Jorge eta Laida, eskerrik asko guztiari forma ematen laguntzeagatik.
Etxekoei eta lagunei, erabaki bakoitzaren atzean babesa eta aholkuak emateko prest egoteagatik, eta beste behin, ilusioak hauspotzeagatik.
Ipar haizea ufada amorratuan sartu zen Ziburuko kaitik, gorriz eta berdez margoturiko leiho-oholak etxeetako horma zurien kontra kolparaziz. Leiho-zuloetan zintzilikatutako alkandoren besoetatik sartu zen emakume baten xuxurla. Zokoako itsasargian, bekozko iluneko gizonak begiak altxatu zituen irakurtzen ari zen liburutik, aztoratuta.
Besaulkitik jaiki, eta eskailera kiribilera gerturatu zen. Anorakeko poltsikora eraman zuen eskua, senez: han gordetzen zuen baratzuri burua, kalte guztietatik babestuko zuena. Dena beharko zuen, iluntze hartan itsasoak barrura tira egingo balio bezala sentitzen baitzuen.
Behatokira heltzean, kristalaren kontra bermatu zuen gorputza, eta pipa ahora eraman, begirada Kantauriko olatuetatik kendu gabe. «Gandu madarikatua», esan zuen bere kolkorako, tabako merkeak ahoa garrazten ziola; begiek, itsasora ohituta egonagatik, ez zioten garbi ikusten uzten.
Begirada zorroztu zuen argiaren arrastoari jarraitzeko. Segundo eta erdiz behin egiten zuen distira zuria. Zutik tinko zegoen farozaina, begi erneak itxi ere egin gabe. Dzanga! Zerbait murgildu zen zipriztinen artean. Gizonak ahoa zabaldu zuen, garaile: sekulakoa zen.
Hanka herrenak uzten zion bezain arin ailegatu zen bazter batean zintzilik zeuzkan prismatikoak hartzera.
Badiaren mendebaldean, hamahiru urteko neska baten maletaren gurpilak hondarretan katigatzen ziren. Arnasestuka zihoan amaren atzetik, zapatak bustita eta enbatak ilea harrotuta: amonaren etxea kostaldean zegoela entzundakoan, beste zerbait irudikatu zuen berak!
Neskatoari luze egin zitzaion itsaslabarraren azpialdean oinez eman zuten denbora. Amak, beragana bueltatu, eta maleta hartu zion alabari, haizetik babestuko zituen arroka baten abarora heltzen laguntzeko.
–Broma izango da… –irten zitzaion gazteari, haitzen arteko zulo naturalean zegoen etxola ikusitakoan–. Hau guztia azaleko alergia ziztrin batengatik?
Amari begiratu zion, larri, baina hark farola txikiek argituriko itsasertza inguratzen jarraitzen zuen, hitzik esan gabe.
Golko txikiaren erdialdean harrizko maila irregularrak zeuden, algaz estaliriko txalupara jaisteko. Zuloaren babesean, harrizko etxola. Besterik ez.
Kobaren bazterrean bizidunen baten mugimendua begiztatzea iruditu zitzaionean, korrika txikian gerturatu zen amaren parera:
–Hor bizi al da amona?
Baietz egin zuen amak buruaz, ezpainak dardarka zituela eta kopeta zimurtuta. Ama urduri sumatzeak ez zion inolako segurtasunik eman Zuharari.
Eta eskerrak okerrenerako prest zegoela! Amona amaren bertsio gizen zimurtua zen; ile zuri luzea aske zeraman eta oinutsik zebilen, etxera sartu zirenean. Lapikoan prestatzen ari zen salda modukoa utzi –arrain usain bizi sarkorra zabaltzen zuena, bide batez esanda–, eta atalasera hurbildu zen ama-alabak besarkatzera.
–Zuhara… Zenbat denbora zure zain… –beso mamitsuen artean estutu zuen inoiz ikusi gabeko biloba.
Hara zer kristotatara joan ziren galdetu zion bere buruari neskatoak, bizkarrean amonaren eraztunetako harri koskorrak sumatzean. «Hemen bizi behar ote dugu? Eta noiz arte?». Une hartan, berdin zion besoko azala zilarrezko ezkataz betetzen zitzaiola jakiteak; azkura ere jasango zuen… Aitarekin bizi nahi zuen, ez sekula ikusi gabea zuen atso harekin. Are gutxiago etxetik urrundu zuen ama bihozgabearekin.
Amonak hatzez laztandu zion ilea, burua pixka bat atzeratuta, aurpegia aztertzen zion bitartean.
–Amaren iguala! Urre koloreko adats berdina, ozeanoa begietan…