IZARAK
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;
oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:
oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:
oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
1. argitaraldia: 2021eko ekaina.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza
izan du liburu honek, eta idazleak, sail berak emandako kultur sormena bultzateko diru-laguntza bat jaso zuen 2019an.
© 2021, Goizane Aizpurua Ibañez
© Argitaraldi honena: 2021, ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: + 34 943 63 28 14
alberdania@alberdania.net
www.alberdania.net
Azala: Aitor Oñederra.
Inprimatzailea: Ulzama (Huarte, Nafarroa)
ISBN digitala: 978-84-9868-665-4
ISBN papera: 978-84-9868-664-7
Legezko gordailua: D-657/2021
V
IZARAK
Esperoan ematen den denbora
GOIZANE AIZPURUA
ALBERDANIA
eleberria
Inertziak gida zaitzan utzi duzu, ustez bizirauteko,
guztiz ez hondoratzeko.
Era berean bila etengabe, patuak zer eskainiko dizun
zai zaude.
Miren Narbaiza, Ausardiarik ez
UDA
Jendarte oro da ispilu bat,
baina ispilura zuzentzen den begirada beti da norberarena.
Norberaren begiradak ikusten duena
beti da norbera, beldurrak besterik ikusten
ez dituenean ere.
Oier Guillan, Mr Señora
…
Eta pilatzen zaizkigu egunsentiak, arratsak, ilunabarrak eta gauak. Udako gauen usaina eta umeen urrutiko oihuak. Hondarra etxeko zoruan, alfonbretan, baineran, behatz artean eta izara freskoetan.
Pilatzen zaizkigu zerura begira konstelazioak marrazten genituen ordu amaiezinak. Ardoz bustitako gau hordiak, bazkaloste laranjak, gatza ezpainetan.
Pilatzen zaizkigu 20 graduko goizeko 8ak, 36 graduko gorputz beroak eta 17 gradutik jaisten ez diren gauak.
Eta pilatzen zaizkigu baratzetako loreen usaina eta axola ez zaigun inoren hiletako loreen oroimina.
Pilatzen zaizkigu olatuak, uhinak eta aparra. Batelak, traineruak, baleak eta arpoiak.
Pilatzen zaizkigu tantak darizkiela dauden ile nahasiak, gorputz biribilak eta argi-ilunen azal bikromatikoak.
Pilatzen zaizkigu sexu grinak, izara zimurtuak, silueta ahaztezinak, belaun ubelduak eta hatsa zintzurrean. Izozkien azukre lirdingatsua eskuetan, garagardoen aparra bibotean eta ginebraren garratza eztarrian behera.
Pilatzen zaizkigu musika kontzertuak poroetan, oilo ipurdia besoetan, saltoak oinetan eta izerdia galtzarbeetan.
Pilatzen zaizkigu bazkalosteko siestaren ikusmen miopeak, kafe izoztuak eta izter umelduak.
Pilatzen zaizkigu arraunak, kresala, estropuaren kirrinka, uren zipriztinak eta marmokak. Aingira-belarra, lokatza, ostra--oskolak eta arrokak.
Pilatzen zaizkigu arratsaldeko ibaiko bainuen usaina, zubitik behera egindako jauziak eta burdinazko eskailerak hankazpian.
Pilatzen zaizkigu harri biribilduak, tamarizak txintxorro gainetan, palmondoak eta egurrezko mahaiak. Belar luzeak, sanjuanak, sua eta kedarra.
Pilatzen zaizkigu zelaiak, dantza sueltoak, auzoak eta erromeriak. Ermitak, kanpaiak, usadioak, sokak eta espartinak.
Pilatzen zaizkigu aingurak orpoetan, txikotak eskumuturretan, timoiak bizkarrean eta txalupak ipurdi azpian.
Pilatzen zaizkigu adarrak azazkaletan, arantzak bihotzean, sasiak eztarrian, petaloak betazaletan, garoa belarrietan eta polena hortzetan.
Pilatzen zaizkigu gogoa, lotsak, jolasak, neguak, grinak, zalantzak, udazkenak, beldurrak, ametsak, heldutasuna, udak, erabakiak, hizkuntzak, zimurrak eta udaberriak.
Pilatzen zaizkigu beste edozein lekura ihes egiteko beharrak.
atzamarreko marka zuri hori
Ozeanoa zabala dela esan didazu, eta ez sartzeko hola eta hola bainatzera. Olatuen beldur omen zara.
Toallaren gaineko hondar apurrak atzamarren hiruzpalau kolpez astindu ditut eta ahoz gora jarri naiz ukondoetan bermatuta. Betaurrekoen anonimotasunean goitik behera errekorritu dut zure gorputza berriro. Ur gaziaren egarriz dagoen gorputz gorri lehorra. Bart gauean bezala, biribilguneak besterik ez dituzula iruditu zait. Biribilguneak besterik ez sorbalden distiratik bularren biribiltasuneraino. Hondartza ezezagunek ematen dizuten ausardia horri esker bistan utzi dituzun bular erdi beltzaranak. Titiburuak ilun, bular erdian azal zuriarekin kontrastean, ez handi, ez txiki, bularren proportziora egokituak.
Zilborra ere biribil. Sabelaren eta aldaka kurbatsuen erdi-erdian kokaturik. Beherago bikiniaren zati umezurtza. Uda amaitzear, jada maiatzeko elastikotasun apurra galdurik. Ezkerraldeko soka zertxobait erori zaizu, eta hankarterako errepide zuria, ia gardena, duzu ikusgai. Ibilbideari jarraitu diot beherantz, bi izter oparoetaraino. Gorputz osoko kolore beltzarana are nabarmenago erakusten duten bi haragi puska mardul.
Oinak hondar epelaren azpian ezkutatu dituzu. Geldiunerik gabe zuzenean gora egin dut. Betaurrekoak jarrita dituzu zuk ere. Nora begira ote? Kokots azpiko orbain horrek txikitako istripuren bat edo mozkorraldi baten biharamun eskasa ezkutatzen du? Bero naiz, uretara noa, bikiniaren goiko aldea jantzi duzu eta abiatu zara ur-ertzera. Orain minutu gutxi beldur omen zenien olatu horien parera.
Buruz behera jarri naiz. Betaurrekoak kendu ditut eta begiak itxi. Nire erretinan zure gorputza ageri da, bertan grabatu balitz bezala. Burua biratu eta begiak ireki ditut, ondoko gorputza errekorritu dut orain. Argiagoa hau, udak azalean ibilbiderik egin izan ez balio bezala. Igerilekuko orduak sumatzen zaizkio bizkarraldeko giharretan. Ukalondoak toallan iltzatuak ditu, eta besoetako anatomia distiratsu nabarmentzen da. Bainujantziak ia-ia belaunen atzeko aldea estaltzen du eta hanka bizartsuak lotsaz ageri dira azpitik. Gorputz ezezaguna zait orain. Ez dut errekonozitzen. Ez dut ezagun nire ezpainek goitik behera behin eta berriro musukatu dutenik. Badu zerbait ezberdin.
Asperen egin, eta buruz gora etzan naiz. Uretatik itzultzen ikusi zaitut orduan. Zurea da, zurea da orain errekonozitzen dudan gorputza. Atzoko gauaz geroztik milimetroz milimetro ezagutzen dudana. Ederra dago, hau freskatua! Biharamuna kentzeko ez dago ezer hobeagorik, axolagabe hitz egiten didazu. Bart gaueko orduetatik atzerako eta aurrerako orduen artean ezer gertatu ez balitz bezala. Ilea astindu duzu guztia zipriztinduz. Nire azal beroan pausatu dira tanta gardenak giharrak uzkurtuz. Ile beltzetik erortzen zaizkizun ur errekak azkar abiatzen dira zure azalean behera hondarretan desagertu arte. Eta nik ezin burutik kendu atzo nire mihia zela zure azala goitik behera bustitzen zuena.
Bart gauaz geroztik, behin eta berriro errepikatu diot neure buruari ezetz esan behar niola Xabiri, hilabete hasieran oporrak antolatu genituenean. Ardo batzuk hartzetik itzuli ginenean ezin izan nion ideia hori burutik kendu, tematuta zetorren. Txikita, Elene erdipurdi ikusi dut gaur. Badakit ez dabilela oso santu Eiderrekin utzi duenetik, baina uste nuen denborarekin egoerari aurre egingo ziola. Zer iruditzen zaizu oporretara gurekin etortzeko esaten badiogu?
Zer iruditu zitzaidan? Unean ideia ona. Gaur? Erabaki okerra. Pozik jaso zenuen gonbidapena eta ni ere poztu nintzen, egia esan. Azkenaldiko gure oporraldiak nahiko aspergarriak izan baitziren. Badirudi behin ezkonduz gero guztia bihurtzen dela motelago, astunago, grisago.
Nire toallaren ezkerraldean etzan zara buruz gora, eta bikiniaren goiko aldea kendu duzu atzera. Udako azken izpiek bular bikoloreak berdinduko dizkizuten ilusioz edo. Ezkerraldean zu, eskuinaldean Xabi. Erdian ni eta nire zalantzak. Kaio hegalariak behera begiratuko balu, beste edonorena bezalako irudiarekin topo egingo luke: hogeita hamarrak paseak ditugun hirukotea. Bata besteari hari ikusezinez lotuak. Eskuinaldeko gorputzariekin lotzen nauten hariak urrezkoak dira, apaizaren aurrean esandako «bai, nahi dut» tinkoaren zama daramate. Ezkerraldeko gorputzarekin lotzen nautenak, ordea, urezkoak dira, bustiak eta likatsuak.
Buruz behera etzan, eta berriz begiak itxi ditut. Maindire arteko zure irudia burutik ezin kendu. Izerdiz blai irrist egiten zenidan esku artetik. Orain ere ondoan zaitut blai, ozeanoko ur gaziz. Afalostean bata bestearen atzetik edandako garagardoek mozkorraldi baldarrera eraman zintuzten eta hoteleko logelara lagundu behar izan nizun balantzaka. Ozta-ozta eusten nion zure gorputz txikiaren pisuari. Ohean eserita erantzi nizkizun txankletak eta soinean zeneraman arropa apurra. Oporraldiko azken-aurreko gaua zen, ordura arteko beroena. Afaltzera gerriko sokaz loturiko soineko mehearekin azaldu zinen. Zure aurrean zutik, soka hura askatu eta sorbalda gainetik soinekoa erantzi nizunean gerritik heldu zenidan, ozeano erdian ohol bakartiari oratzen dion naufragoak nola, ur-azalean mantendu beharrez. Ilea laztandu nizun, kizkurretan atzamarrak lotu. Gorantz begiratu zenuen eta begietan ikusi nizun bat-batean baretu zitzaizula mozkorraldia. Naufragoak lurmuturra begiz jota, salbu. Nire begiak zureen parean pausatu ziren arte makurtu nintzen. Beldur ematen duen ozeanoaren kolore erakargarria. Korronteak eramateko beharra duenarentzat kolore zeharo tentagarria. Hurbildu ziren ezpainak. Elkar aurkitu zuten, heze. Egunerokotasuneko musuetatik urrun, leunak ziren zureak. Mamitsuak. Bustiak. Presioz egokiak eta ongi jarriak. Ezagun eta ezezagun zitzaidan sentsazio berri horren arrastoa zuten.
Kateatu ginen. Begien berdearen ozeano sakonean murgildu. Maindireen olatu artera jauzi egin eta bertan urperatu. Neuk gaina hartu nizun, baina zuk, deseroso, tokia trukatu zenidan. Belaunez hankak zabaldu zenizkidan eta nire hankartean estutu zenuen zure izterra. Bazenekien zertan ari zinen. Nik ez, ordea. Utzi nizun egiten, utzi. Zertan ari nintzen eta zertan beharko nukeen errieta egiten ari zitzaidan nire ahotsa isilaraziz. Zure mozkorraldia miazka kutsatu zenidan. Hordi. Ezkerreko eskua nire hankartean zenuela eskuineko eskuaz ahoa tapatu zenidan, nire barreneko oihua mututuz. Isilaraziz. Hazi nintzen. Kolpez hartu zintudan azpian. Hankartean besarkaturik zure sabelaren kontra igurtzi nintzen. Ez ziren azken urteetako laztanak nire azalean. Ez ziren nire atzamarrak nire narruan. Bulkada kontrolaezinen artean bilatu ninduzun, gogoz. Nire hankarte umelarekin egin zenuen topo. Heze zaude. Musu bortitz batekin estali nizun ahoa. Zer gehiago behar zenuen nigan murgiltzeko. Arakatu zintudan. Beti eta inoiz errekorritu gabeko anatomia hura braillean irakurriz. Tolesdura bigunetan irristaka, atzamarrak sartu nizkizun. Uzkurtu egin zinen. Zure barrunbe hezeak trebeki irentsi ninduen. Ezagun zitzaien bidea, berria, ordea, ingurua. Mihiaz hezetu nituen zure azal berotuaren bazterrak. Belarri ondoan hasperen bortitzez astindu nizkizun ileak. Hatsa zure aho zabalean. Hatsa zure zintzurrean. Hatsa zure bularrean. Bulkadak astindu ninduen nire haragia esku artean estutzen zenuela. Baretu ginen arnasestuka. Ozeano bortitzaren enbata lasaitu arte hustu ginen.
Hasperen egin dut. Senarraren eskua nire eskuaren bila dabil. Nire atzamarren artean lotu dira bereak. Txikita, non duzu eraztuna? Harriduraz, galderari bat-bateko erantzuna: Hoteleko komunean ahaztu zait goizean. Ez dakit, baina atzotik min egiten didala iruditzen zait.
cortes de cima
Hoteleko atean elkartu zen hirukotea Ozeano Atlantikoko ur-ertz hartan egitekoak ziren azken afarirako. Arratsaldea tripa gora tripa behera pasa zuen Anek, edonola etzaten zela ere burua hankaz gora zuen. Ozeanorantz begira, begiak itxita, zabalik edo betaurrekoen babesean burmuineko zinexina frame berdinetan atzera-aurrera zebilkion. Hura nahikoa ez eta, masokismo puntuak jota slow motion aukera ere hortxe, detaile guztien gozagarri.
Azken gaueko afarirako elkartu ziren, eta Anek ez zuen nahi aurrekoaren itxura berdina har zezan. Ardoa tentuz eta neurriz edango zuela hitz eman zion bere buruari, edonori bere buruari baino zintzoago zitzaiola jakin arren. Berdin zitzaion Xabik eta Elenek zer egingo zuten, bera afaria amaitu eta logelara igoko zen zuzenean, afalosteko solasaldia gehiegi luzatu gabe. Hurrengo egunean kotxez egin beharreko bidaia luzea aitzakia ezin hobea izango zuen hartarako.
Jatetxe egokia aurkitu zuten azkenean; ez zen eleganteegia, ezta karta argazkiz josia duten horietakoa ere; ez zen zaratatsua, ezta ondoko mahaietako elkarrizketak entzuteko modukoa ere; ez zen garestia, ezta karterako azken billete lixatu guztiak xahutzeko modukoa ere. Egokia. Ardo karta duten horietakoa, baina jatekoak elkarrekin banatuz gero kontua ordaintzeko modukoa. Halaxe erabaki zuen Xabik. Halakoetan azken hitza hark izaten baitzuen.
Zorteko zen hirukotea, jantokian lauzpabost bikote besterik ez zegoen. Multzo bakoiti arraroa haiena, bikoitien artean. Anek bere buruari galdetu zion besteen begietara zer-nolako irudia ote zuten. Bikotea eta arreba? Bikotea eta ahizpa? Bikotea eta neba? Ala hirukotea, besterik gabe? Norbait sobran zela uste izango al zuten haiek ere? Ziurrenik. Bikoteen mundua: hirukoak eta taldeak lekuz kanpo egon ohi diren tokia. Mahaiei begiratzea besterik ez zegoen: afariko zerbitzurako prest guztiak, plater, esku-tresna, kopa, edalontzi eta eskuzapiz ondo hornituak. Jatun parea besterik espero ez zuten mahaiak. Zerbitzariak, lekua hartzera laguntzeaz bat, ondoko mahaitik hartutako plater eta bestelakoz osatu behar izan zuen haiena.
Lekua hartu zuten. Xabi eta Ane parez pare Elene bien ondoan zutela. Hirukotea ordenatzeko bi era daude soilik: bata, afari hartako mahaian marrazturiko hirukia; bestea, egunean zehar hondartzan marraztu zuten lerro zuzena. Kartak eskuen artean hartuz ahosabaiari oparituko zizkioten gozamenezko zaporeetara begira jarri ziren. Elenek, karta ireki gabe, eskutik heldu zien Xabiri eta Aneri. Ezustean harrapatu zuen keinuak Ane, begiak ezin zabalago eta galtzarbeak ezin bustiago, «elenekeriaren» baten beldurra sentitu zuen.
Xabi. Begietara begiratu zion. Ane. Burua biratuz hari iltzatu zizkion begiak. Eskerrak eman nahi dizkizuet opor ahaztezin hauengatik. Badakit azkenaldian nire erretorika nahiko monotonoa eta dentsoa izan dela, baina benetan eskertu nahi dizuet egun hauek zuen ondoan pasatzen uzteagatik.
Musu bana eman zien eskuan. Ondoren, eskuak askatu eta karta zabalduta, ezer pasatu ez balitz bezala, kartako zenbait plater goxoren izenak aipatu zituen, afariari hasiera emateko prest. Hara! Hemen ere peixe da temporada grelhado, nola ez.
Guztien artean aukeratu zituzten sarrerakoak. Ardoa Aneren esku, noski, osabarengandik ikasitakoak praktikan jartzea gogoko izaten baitzuen halakoetan. Joaten ziren tokira joaten zirela, bertako ardo berezi edo ohikoa dastatzea gustatzen zitzaion. Oraingoan Cortes de Cima aukeratu zuen, bakailaoarekin ezin hobeto ezkontzeko moduko zuria.
Oporraldiko gorabeheren inguruan hizketan pasa zuen afaria hirukoteak. Balantzea egitea izaten da ohikoena gauza guztien amaieran. Zerk harritu zituen leku berri hartan, zerk ez hotz ez bero utzi eta zer eramango zuten burmuinean iltzaturik betiko, oroitzapen ahaztezin. Ane adi zegoen, senarraren oroitzapenak entzun zain. Haren gogoratzekoak beti izan ohi ziren gehiengo handi bati gustatzen zitzaizkionak: gehien gustatu zitzaiona, paisaia tipiko bat; epel utzi zuena, hainbeste fama zuen jatetxea; eta oroitzapen ahaztezina, azken afari hura, nola ez. Eta halaxe izan ziren. Anek bereak amaierarako utzi zituen, aurrez Elenerenak zeintzuk ziren jakin nahi zuelako.
Nabarmen geratu zen halakoetan Eleneri hiru gauza soil aukeratzea kosta egiten zitzaiola. Ez zitzaion gustatzen hainbeste bizipen, sentsazio eta usainen artean aukeratzea. Bizizalea izaki, bazekien unea bizitzen. Ondoren, bizipena oroimenean gorde beharrean, zakarretarako paperen antzera bola zimur bat eginda botatzen zuen, etorkizun ziren bizipen berriei lekua egiteko. Hala ere, bereak bota zituen: abuztu betea izan arren, Anek eta Xabik oporretarako aukeratutako herrian jende gutxi egoteak harritu zuen Elene, sekulako fama zuten hondartzak eta ozeano zabalak epel utzi zuten, eta, azkenik, sekula ahaztuko ez zuena, aurreko gaueko mozkorraldia.
Aneren txanda. Elene esku artean zuen koparekin zirkulu txikiak marrazten zebilen airean. Azken ardo hondarrak barnean zurrunbilo txikia sortzen zuen. Haren begiradak garailearen arima zuela iruditu zitzaion Aneri. Begietara begiratu zion, eta hordagoa bota izan balio bezala eutsi zion begiradari, zain. Ane pentsatzen saiatu zen zer beste ezin ahaztuko lukeen Elenek, aurreko gaueko mozkorraldian izandako sexuaz gain, baina ez zitzaion izara zuri haien artean igarotako unea besterik bururatzen. Joko hari umore apur bat txertatu nahian oporraldian harritu zuenarekin hasi zen. Portugesak, halaxe bota zuen, Portugaleko gizonezkoak. Ez zuen, ordea, esan gizon haien zerk harritu zuten zehazki. Denbora hartu zuen oroimen epela aipatzeko: afari honetarako aukeratutako ardoa, pausaz eta Eleneri begira. Elenek kopako azken ardo tantak trago batez ahoratu eta begiak itxi zituen. Bakarra eta azkena falta zitzaion Aneri ahoz gora esateko, ongi pentsatua zeukan: hoteleko izara zurien usaina.