Azala_Aurkituko_100.jpg

AURKITUKO ZAITUT

Lehen argitaraldia: 2021eko azaroa

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza
izan du liburu honek.

© 2021, Teresa Calo

© Itzulpenarena: 2021, Mitxel Murua Irigoien

© Argitaraldi honena: 2021, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: 943 63 28 14

alberdania@alberdania.net

www.alberdania.net

Azala: Concetta Probanza.

Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

ISBN digitala: 978-84-9868-706-4

ISBN papera: 978-84-9868-705-7

Legezko gordailua: D. 1456/2021

ITZULPENA
MITXEL MURUA

ALBERDANIA

ERRIA TXIKOTA!

1

Auto gorri bat autobidean doa. Furgoneta batek aurrea hartu dio, lerro jarraia zapalduz, eta hutsagatik ez du autoa jo.

–Kabroia! Astapotro burumotza!

–Zer dugu orain?

–Ez al duzu ikusi? Nola, ba? Zuk ez duzu ezer ikusten eta... Pasadazu ura, faborez.

–Egon.

–Utzi mugikorra eta pasa ura, bale?

Eiderrek amorruz utzi du sakelako telefonoa, eta zakar samar eman dio botila ura gidariari. Gidaria ama da.

–Ireki, faborez.

–Zer? Orain zure neskamea al naiz?

–Gidatzen ari naiz, zer nahi duzu bazterra jotzea edo?

Eiderrek tapoia kendu dio botilari, eta Begori luzatu dio atzera. Amak trago bat eman, eta botila itzuli dio alabari. Neskak bere mugikorreko pantailan josiak ditu begiak.

–Hartuko al duzu botila eta gordeko al duzu bere tokian?!

–Bale! Baina ez niri garrasirik egin!

Begok arnasa sakon hartu du. Ama eta alaba isilik egon dira segundo batzuetan.

Eiderren mugikorreko pantailan whatsapp bat ageri da, idatzi berria: «Erantzun, faborez, Blanca, nerbioetatik jartzen ari naiz». Mezua bidali, eta hasperen egin du.

–Pixagurarik bai?

–Ez.

–Nik, bai. Gelditu egingo gara.

–Ja! Kafea eta zigarroa!

–Ba, bai. Eta? Zerbait esatekorik, bai?

–Nik? Ezer ez, niregatik baita zera egiten baduzu ere...

–Zer?

–Ezer ez. Zuk segi erretzen, zuretzako kalte.

–Horretan arrazoi duzu. Ba al zatoz?

–Ez. Autoan egongo naiz.

–Bero handiegia egiten du; irten, mesedez.

Eider gogo txarrez irten da autotik. Amaren atzetik doa, pare bat metrora edo. Bego gelditu egin da, alabaren zain.

–Horrela egon behar al duzu denbora guztian?

–Horrela, nola?

–Muturtuta, protestaka...

–Nork egin du protesta? Autora igo garenetik nik ez dut txintik ere esan.

–Horregatik, ba! Ez da batere atsegina zure muturroker hori ikustea, Eider, badirudi mataderiara zaramatzadala.

–Ia-ia.

–Noiztik ez zaizu herria gustatzen?

Eiderren mugikorrak abisu-hots bat egin du, whatsapp bat sartu dela adieraziz. Neskak begiratu egin du, amaren galderari ez entzunarena eginez. Bego lehertu egin da.

–Utziko al duzu behingoz segapoto madarikatu hori eta erantzungo al didazu ganoraz?

–Ez! Inportantea da. Itxoin pixka batean!

Begok arnasa sakon hartu, eta zigarro-pakete bat atera du poltsatik. Alabari begiratu dio.

Neskaren mugikorraren pantailan Blancaren mezu bat: «Okupatuta nago».

Eiderrek amorruz gorde du mugikorra, «Kaka zaharra zuretzat!» ernegatuta esanda.

–Eider!

–Ez dut zuregatik esan, bale?

–Badakit... besterik ez genuen behar!

Eider negargurari eutsiz dabilela konturatu da Bego. Ahots tonua leundu du.

–Berri txarrak?

Eiderrek sorbaldak goratu ditu.

–Blancari deitu al diozu?

–Mezu bat bidali diot.

–Eta? Zer gertatzen zaio?

–Ez dakit, baina nitaz paso egiten duela ematen du.

–Bai zera! Hori ezinezkoa da, bihotza. Blanca eta biok hezur eta mami izan zarete beti. Ika-mikaren bat izan al duzue?

–Nola, ba? Horretarako ere ez dugu aukerarik izan; nire whatsappei ez die erantzuten eta ez dut gogoan Skypez azkenekoz noiz hitz egin genuen. Beti badu aitzakiaren bat, eta orain banatorrela esan eta esan ari naiz eta kasu zipitzik ere ez. Bueno, bai, okupatuta omen dago.

–Hala egongo da, seguru.

–Zertan?

–Ez dakit, ba... Baina Blancaren bizitza zurea baino konplikatuagoa da. Galdetu al diozu berari?

–Ez.

–Eta zeren zain zaude? Izango du pisuzko arrazoiren bat. Komunera noa. Zerbait nahi al duzu tabernatik?

Eiderrek ezetz buruarekin. Bego restopera sartu da. Blancaz pentsatuz doa; neska goxoa, alaia, argia eta arduratsua izan da txiki-txikitatik. Lagun ezin aproposagoa iruditu zaio beti alabarentzat, harengandik zer ikasi franko baduelako. Blancaren gurasoek taberna bat gobernatzen dute han inguruko herri txiki batean, eta ordu asko pasatzen dituzte etxetik kanpora. Neska bere kasa esnatzen da, ira­tzargailuak jotzen dionean; bere ohea egin, dutxatu, gosaria berotu eta eskolara joaten da prestu asko. Eider konturatuko balitz nolako zortea daukan halako laguna edukita...

Eider zalantzan egon da, mugikorra eskuan hartuta. Amodio propioa mindua du. Lagunak ez dio kasurik egiten; hortaz, agian hobe luke hartaz paso egin. Baina norbait benetan maite duzunean, harrotasuna albo batean utzi behar duzu; beraz, Eide­rrek mezu bat tekleatu du: «Okupatuta, zertan?».

Berehala jaso du erantzuna:

«Gauza batzuetan».

Amorruz sartu du sakelan sakelako telefonoa. Amorruz edo negar egiteko gogoz? Biak batera. Amaren zain kanpoan egotea erabaki du. Ez da sentitzen galdeketa bati aurre egiteko moduan.

Begok errespetatu egin du alabaren isiltasuna. Badaki, haren kopeta ilunarengatik, ez dela galderak egiteko momentua. Gero, autoan, minutu batzuk pasatutakoan, alabarekin hitz egitea erabaki du. Aurpegi txarra ikusten dio, eta pena ematen dio.

–Nahi al duzu Clararen gurasoen tabernatik pasatzea zerbait hartzera? Bidean dugu, eta akaso Blanca han egongo da, laguntzen.

–Ahaztu. Ez naiz hainbeste umiliatuko. Garbi dago nitaz paso egiten duela, eta ez naiz haren atze­tik erreguka ibiliko.

–Nahi duzun bezala. Baina seguru nago arratsaldean gure etxera etorriko dela zurekin egotera. Izango du esplikazioren bat, ikusiko duzu.

Eiderrek keinu egin du eskuaz, konbertsazioa bukatzeko eskatuz bezala.

2

Gaueko hamabiak. Blanca ohean jira eta buelta dabil, lo hartu ezinik. Errudun sentitzen da, lagunarengandik iheska dabilelako, kasurik egiten ez diolako. Nori, eta bere betiko lagun minari, oraintxe bertan daukan bakarrari. Ondo konpontzen da eskolako lagun batzuekin, baina ez da berdina, haiekin ez du konfiantza bera. Gainera, denak kanpoan daude, oporretan. Gurasoek ezin dute taberna itxi udan; horrenbestez, bera ez da herritik irtengo, eta herrian geratzen direnak... uf!, hobe hortaz ez pentsatzea.

Ohetik jaiki da Eiderri mezu bat bidaltzeko asmoarekin, ezin du-eta gehiago aguantatu. Berandu samar da, baina tira...

Eider bururaino tapatu da izararekin. Ama sartuko balitz eta «segapoto»ari begira harrapatuko balu, akabo!, sekulako errieta, seguru. Whatsappak bidaltzen ari da bere lagun taldera, kuadrillakoei. Bere adineko norbaitekin hitz egiteko beharra du, barruak husteko, udan herrian zenbat aspertzen den kontatzeko besterik ez bada ere, edo amak ito egiten duela esateko, ehun kiloko harria baino astunagoa delako batzuetan. Bene-benetan, ordea, Blancaz hitz egin nahiko lieke eta haren portaera estrainioaz, ez diola kasu zipitzik egiten eta hori dena kontatu, baina barru-barruko zerbaitek ez dio lagatzen hori egiten. Lagunari traizioa egitea litzateke. Ez dago ondo zure lagunik handienari buruz besteekin gaizki esaka jardutea, maiseatzaileen moduan.

Erantzun baten zain geratu da, egonezinari eutsi ezinik. Hitz egiteko premia handia du; entretenituko duen zer edo zer behar du, beste gauza batzuetan pentsatzen lagunduko dion zerbait, Blanca burutik kentzeko aitzakiaren bat. Badaki bestela ezingo duela lo hartu. Halako batean, mezu bat sartu da bere mugikorrean.

Blanca geldi dago, eserita, estatua bat bezala pantailari begira, «bidali» tekla sakatu ez sakatu zalantzan. «Oso berandu da», pentsatu du bere artean, aitzakia baten bila balebil bezala. «Eider lo egongo da, seguru». Egia esateko, izua ematen dio harekin hitz egiteak, hotzikara eragiten dio pentsatzen hutsak. Dena kontatu izan dio beti; oraingoan ezin, ordea. Ezin dio bere sekretua esan, hitza eman du. Tortura latza da halako gauza inportantea bizitzea eta zure lagunik handienarekin ere hartaz ezin hitz egitea.

«Bihar», esan du bere artean. «Bihar tartetxo bat hartu eta kuku bat egingo diot etxean. Aitzakia bat bilatuko dut haren etxean sartu-irten azkar bat egiteko; hartara ez diot astirik emango galdezka hasteko eta ez diot gezurrik esan beharko». Gainera, haren ama etxean egongo da, seguru, eta inoiz ez dute bere gauza intimoez haren aurrean hitz egiten. Hori izango da onena, bai, Eider noizean behin ikusi, baina elkarrekin denbora gehiegi igaro gabe.

Eiderrek amorruz gorde du sakelako telefonoa burkoaren azpian. Mezu biral txatxu bat jaso du, grazia izpirik ere ez duena, begi parean ikusi ezin duen lapazorri batek bidalia. Alferrik da erantzun baten zain egotea, bistan da. Kuadrillako guztiak udalekuan daude; bera ezin izan da joan, bi utzi dituelako eskolan, eta ama diktadore hutsa delako. Lagunak lo seko imajinatzen ditu, egun osoan batetik bestera korrika, jolasean, igerian eta ondo pasatzen ibili eta gero. Gainera, ez dago batere seguru gauez sakelakoa erabiltzen utziko ote dieten. Ohean bira batzuk eman, eta mugikorra hartu du atzera, entretenitzeko zerbaiten bila.