Jatorrizko izenburua: La cinta roja, lehen aldiz Alfaguara argitaletxeak (Penguin Random House Grupo Editorial, S.A.U.)
gaztelaniaz argitaraua.
1. argitaraldia: 2021eko otsaila.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren
laguntza izan du liburu honek.
© 2015, Almudena Cid Tostado
© Ilustrazioena: 2015, Montserrat Martín López
© Itzulpenarena: 2021, Mitxel Murua Irigoien
© Argitaraldi honena: 2021, ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: + 34 943 63 28 14
alberdania@alberdania.net
www.alberdania.net
Inprimatzailea: Alzate (Espartza Zaraitzu, Nafarroa)
ISBN digitala: 978-84-9868-657-8
ISBN papera: 978-84-9868-653-1
Legezko gordailua: D-127/2021
Ba al zenekien...?
Txapelketetan gimnasiako aparatuekin lehiatzeko, neurriak, pisuak eta materialak araututa daude, eta muga jakin batzuen barruan egon behar dute. Hauek dira aparatuak: soka, uztaia, pilota, mazoak eta zinta (edo xingola). Eta Gimnasiako Nazioarteko Federazioak erabakitzen du zein lau aparatu erabiliko diren ariketetan urte bakoitzean.
Soka:
Kalamuzko nahi sintetikoa izan daiteke. Gimnastaren altueraren arabera doa sokaren neurria; horren luzera lortzeko, bi oinak elkartuta sokaren erdian zapaldu behar da, eta bi soka-muturrek besapeen pareraino iritsi behar dute.
Aparatu hau desagertzeko zorian egon da. Bi arrazoi eman dira horretarako: batetik, sokarekin egiten diren ariketetan ia ez dela eboluziorik izan, eta, bestetik, zaila dela telebistaren bidez ondo ikustea. Nolanahi ere, hutsegite larria litzateke aparatu hau kentzea, oinarrizkoa baita gainerako aparatuekin ariketak lantzeko eta berrikuntzak garatzeko.
Uztaia:
Plastikozkoa da; baina tolesten ez den plastiko batez egina egon behar du. Bi neurritakoak daude, adinaren arabera: txikienentzat 80 cm-ko diametrokoak, eta handientzat, haur-kategoriatik gorakoentzat, 90 cm-koak. Ezin du pisatu 300 gramotik behera, eta koloretako zinta itsasgarriarekin bilduta egon daiteke.
Pilota:
Gomazkoa da, eta horren diametroak 18-20 cm artean ibili behar du. Tamaina egokia lortzeko, puzgailu batekin puztu daiteke (edo hustu, jakina). Ezin du pisatu 400 gramotik behera.
Mazoak:
Plastikozkoak edo kautxuzkoak izan daitezke. Horien luzerak –lepoa, gorputza eta burua kontuan hartuta– 47 cm-koa izan behar du gutxi gorabehera. Mazo bakoitzak ezin du pisatu 150 gramotik behera, eta kolorez apainduta egon daitezke.
Zinta (edo xingola):
Satinezkoa da, eta kirten edo makila bat du, 60 cm-koa, plastikozkoa edo beira-zuntzezkoa izan daitekeena. Zintak 4 cm-ko zabalera du eta 6 metroko luzera gutxienez. Horren pisua 35 gramo ingurukoa da, eta pieza bakarrekoa izan behar du. Pintatu eta tindatu egin daiteke, maillotaren kolorearekin konbinatzeko edo harekin bat etor dadin. Gomendio bat: zure zinta pintatu nahi baduzu, ez utzi inoiz zuriz bukaerako muturra, marrazkia zikindu eta itxura narrasa emango dio eta.
Nola hobetu...
eta indartu muskulatura pilotarekin
Muskulatura lantzeko modu original, dibertigarri eta eraginkor bat pilotaren oinarrizko teknikaz baliatzea da; hau da, landu nahi ditugun giharretako ariketetan pilota sartuko dugu.
Sartu www.almudenacid/com/olympia orrira eta ariketa pilo bat ikusiko duzu bizkarraldeko eta gorputzaren goiko parteko muskulatura lantzeko, baita gihar abdominalak edota iztarren eta bernen atzealdeko muskuluak (iskiotibialak eta beste) indartzeko ere.
Izugarri handia zen nazioarteko irteera-gunea, aireportuko I terminalean. Jendetza handia zebilen hara eta hona, eta ilara kilometrikoak zeuden mostradoreen aurrean. Pantaila erraldoi batean agertzen zen Moskurako hegaldia, beste helmuga batzuen ondoan. Olympia bere hegaldiaren datuak ulertzen saiatzen ari zen, ez baitzuen inola ere galdu nahi.
ordua |
kompainia |
helmuga |
hegaldiaren zenb. |
atea |
Terminala |
ontziratzea |
11:30 |
AEROFLOT |
Mosku |
2154 |
65 |
I |
10:45 |
Maleta, uztaia, eskuko motxila aparatu guztiekin eta zorroa maillot guztiekin. Karga handiegia zeraman gainean eta karro baten bila joan zen bere traste guztiak han ipintzeko, ez baitzuen kontraktura bat izan nahi trapezioetan. Clarak beste hainbeste egin zuen bere aurretik, eta urruntzen ari zen.
Olympia korrika abiatu zen bere kaskoetako musikaren erritmoan dantzan; bizi-bizi zihoan, bere bidean agertzen zen orori sigi-sagaka iskin eginez. Bat-batean, Clararen aurre-aurrean gelditu zen, bien arteko tartea ondo neurtu gabe. Eta pentsatzekoa dena gertatu zen...
Egia esan, kamera geldoan bezala gertatu zen guztia: Oly bere karroarekin hamar zentimetro eskasetara ikustean, Clarak platerak bezala zabaldu zituen begiak; Olympiak, berriz, izu-aurpegia jarri zuen, «Ai, ama!, ni ez naiz honetatik onik aterako» adieraziz bezala, eta besoak luzatu zituen frenatu nahian, maletek tope egin zezaten karroak aurrealdean zeukan barra txiki bati eutsiz. Ez zekiena zen barra hura maletak karrotik ez erortzeko zegoela han eta, horregatik, ezin zela tolestu kanporantz, baina bai barrurantz, eta konturatu zenerako, karroak frenatu, frenatu zuen, bai... baina nola!
–Danbaaaaaa!!!
–Aiii!... –esan zuen Olyk, karroa saihetsetan sartua zuela, sudurrari bi eskuekin helduta–. Ugte dut sugurra haugtsi dugdala...
Davidekin gogoratu zen; eskolarteko txapelketan erdi zorabiatuta utzi zuen baloikada hura hartutakoan, hari atera zitzaion ahotsaren berdin-berdina zeukan orain Olympiak.
–Odoletan zaude! –esan zion Clarak berehala.
Sherlock Holmes izan beharrik ez zegoen hura esateko, bistakoa zen-eta; baina, nolanahi ere, Olympia poztu egin zen Clara kezkatu egiten zela ikustean. Edo hori pentsatu zuen behinik behin, begi bat nola edo hala erdi ireki eta bere taldekidea zuri-zuri zegoela ikusi zuenean. Bazirudien hark hartu zuela zartakoa. Kaskoak ere erori zitzaizkion, hortik atera kontuak.
–Claga? –galdetu zion.
Taldekide beteranoak begiak tapatuak zituen, beste aldera begira jarrita, Oly hura betiko Oly izan beharrean, alien mutante bat balitz bezala, ahalmen galaktiko miresgarriak zeuzkana larreko sagu bihurtzeko, begietara zuzen begiratuz gero.
Begi-kliska bat egiteko behar den denboran, korro bat sortu zen Olyren eta Clararen inguruan Barajasko aireportura agurtzera joan zitzaizkien beste neskekin; Mayaren senarra ere han zen eta Kariño txakur-radarra ere bai.
Lucíak hartu zuen Olympia besotik eta jaikitzen lagundu zion; bitartean, taldekako hiru gimnastak Clararen inguruan zeuden. «Ei! Zartakoa neuk hartu dut, zer arraio!», pentsatu zuen bere artean, baina hau besterik ez zitzaion atera:
–Agdaioa!
Neskak komunera joan ziren handik pixka batera. Clara berehala suspertu zen –«Bai, ba! Normala!», pentsatu zuen Olympiak–. Lucíak komuneko paper zuria hartu, bi zati moztu eta, txurroen moduan bilduta, sudur zuloetatik sartu zizkion lagunari. Hipopotamo batena zirudien Olyren sudurrak. Urrutitik begiratuta, kea botatzen ari zela ematen zuen.
–Ba, orain, abioiaren presioarekin-eta, igual papertxoek kortxo efektua egingo dizute eta lainoztagailu batetik bezala aterako zaizu odola.
–Ez esateko hori, kontxo! –protesta egin zuen berehala Clarak.
Olympiak ez zeukan garbi zergatik esan zuen, edo bera defendatzeagatik bakean laga zezaten, edo, beldur zelako, norbaitek berriz ere odola aipatuz gero, haren irudimena martxan jarri eta ez ote zen ostera ere mareatuko. Aukeran, hobe aurrenekoa zela pentsatzea... Lagunaren aldetik konplizitate pixka bat sentitzen bazuen, gutxienez alde on bat aterako zion zartako ikaragarri hari.
Nolanahi ere, berehala ahaztu ziren Olympiaz, taldekako neska bat itxita gelditu baitzen bainuko kabinetako batean eta sekulako zarata baitzetorren handik; izan ere, neskak halako indarrez astintzen zuen atea, non ematen zuen behera botako zuela. Ia bost minutu behar izan zituzten neska ateratzeko, eta komunetik irten zirenean, han zegoen entzenatzailea kopeta ilun-ilunarekin, Olympiaren eta Clararen zain.
–Ondo-ondo pasa, Oly –garrasi egin zion Lucíak. Hogeita hamazazpigarren aldia zen hura esaten ziola albistea eman ziotenetik.
Hor hasi zen bere bidaia! Bi neskek besarkada handiekin agurtu zituzten gainerakoak, eta, maletak fakturatzeko zain zeuden bitartean, isil-isilik entzun zuten Mayak eman zien errieta, hain formalidade gutxi izateagatik. Gero, bidaiariak eta haien lagunak bereizten dituen marra gorria pasatu zuten.
Kontrolak pasatu eta segituan, Olympiak kolpetxo batzuk sentitu zituen bizkarrean, eta arnasari eutsiz jiratu zen, kontuz-kontuz, mugimenduarekin aktibatzen diren hamar dinamita-kartutxo aurpegian pegatuta izango bazenitu, zuk egingo zenukeen bezala.
–Zer?, orain boxeoan hasi al zara? –bota zion Mariok burla-aire ukitu batekin.
Olyk ezin zuen sinistu! Nolatan zeuden mutilak han? Eta bera sudur itxura harekin!
–Agdisdikako gimnagta gugtiak umore klagse begdina daugkazue, ala?
Ortzi gogora etorri zitzaion, eta nola hark atletismora pasatzera gonbidatu zuen behin, Gasteizko SHEE-IVEF Klubeko pabiloian uztaiak ihes egin eta haren atzetik korrika ikusi zuenean.
–Polit-polita zaude eta! –esan zion Adrianek barre txikien artean.
–Bai, nosgi: nesga polig-poligten sudugga daugkat, egzta?
–Tira, Oly, ez zaitez haserretu. Talde moduan parte hartuko dugu lehiaketan, eta ondo konpondu behar dugu!
Hortxe hasi zen Olympia dena ulertzen: han zeuden Mario eta Adrian, Clara eta bera, entrenatzaileak eta Benigno, zazpiak berdin jantzita, denak ekipazio berdinarekin; eta beste hainbeste gertatzen zen artistikoko neskekin ere, urrutira ikusten zituenak berenganantz zetozela. Moskun talde moduan lehiatuko ziren, eta hori berria zen berarentzat: lehiaketa hartan, diziplina guztietako ariketak batuko ziren, eta guztien puntuak gehituz egingo zen sailkapena, herrialdeka.
Barrea atera zitzaion ideia harekin poztuta, eta sudurrak sastakoa eman zion.
–Ai! Aggaioa! –jaulki zitzaion ahotik. Bere txarrean, erreak itxura-antzean ahoskatzen hasia zen gutxienez... poliki-poliki eta katarro-ahotsarekin bazen ere. Barregarri sentitzen zen. «Ederki nago ni, inork serio hartzeko...!», pentsatu zuen bere artean, Mariok eta Adrianek berriz ere barreari eman ziotela ikustean.
Maletak fakturatu ondoren, mutilek eskuko poltsa bana besterik ez zeramaten aldean, eta ontziratzeko atera iritsi ziren arte, han ibili ziren erritmikoko neskekin atertu gabe lardaskan, batean zirika eta hurrena adar joka.
–Gure kirolan, aparatuak ez ditugu geuk eramaten, eraman egiten dizkigute –Adrianek.
–Eta eskeggak, ezgta? Ez zaigtut nik imajinatzen gimnasiako zaldia bizkaggean egamanez, haggi-jasotzaile batek bezala.
–Neskak, beharrezkoa al da hainbeste traste gainean eramatea? Benetan?
–Ba, bai! Maleta galtzen badidate, akabo!, ezeg gabe geldituko naiz: ez apagaturik, ez maigllotik, ez motogtsik, ez puntegarik, ez musikarik, ez ezeg.
–Ekarri zerbait, neskak, trasteak eramaten lagunduko dizuegu.
«Mmmmm..., zerekin egongo ote da barregarriago?» –galdetu zion Olympiak bere buruari–. «Uztaia!».
Clarak eta Olympiak beren uztaiak utzi bazizkieten, utzi zizkieten... Esku artean hartu zituztenetik gelditu gabe jardun zuten mutilek erabilera berriak asmatzen uztaientzat.
–Zuri zer bururatu zaizu?
–Flotagailu bat.
–Bai zera...! Serio!?
–Bolantea.
–Kamioiek ere ez dute tokirik halako bolante puska baterako.