HAIZE-LEKUAK
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;
oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:
oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:
oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
1. argitaraldia: 2020ko ekaina.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza
izan du liburu honek.
© 2020, Amaia Telleria Mujika
© Argitaraldi honena: 2020, ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: + 34 943 63 28 14
alberdania@alberdania.net
www.alberdania.net
Azaleko irudia: Kamira (Shutterstock)
Inprimatzailea: Ulzama (Huarte, Nafarroa)
ISBN digitala: 978-84-9868-620-3
ISBN papera: 978-84-9868-619-7
Legezko gordailua: SS. 513/2020
V
HAIZE-LEKUAK
AMAIA TELLERIA
ALBERDANIA
eleberria
Amona, zure mundua zabaldu didazulako…
ezinbestez, zuri
Historia, bertatik oharkabean pasaturiko lekuko eta parte-hartzailearen kontakizunaren ikuspegitik. Bai, hori da niri interesatzen zaidana, hori da literatura bihurtu nahi nukeena.
Svetlana Alksievtx,
Iker Sanchok itzulia
I
Heriotza haren ondorengo egunek nabarmen baldintzatu zuten Goiburu familiaren etorkizuna eta, guztien artean, Mikelarena bereziki. Aita ezagutu gabe koskortu beharko baitzuen neskak, argazki xume bat bera ere ez zuela, haren aurpegia ahanztera kondenatuta.
Beltzez jantzita eman omen zuen apaizak Jose Angel Goibururen aldeko hileta meza, segundako entierro bati zegokion bezala; zer beste espero zitekeen baserritar pobre harentzat? Hotz egiten zuen udazkeneko goiz hartan: hankartean eskuak epeldu nahi zituztenen dardarizoan sumatzen zen, malkoei eutsi nahian hasperen egiten zutenen hatsean. Ez ziren, horregatik, hutsik geratu aulkiak; emakumeak aurrean, gizonak atzean, alde batetik besterainoko ilarak izan ziren. Inork ez zuen geratu nahi Luzia alargunari doluminak eman gabe, ezta Bonipaxiri ere, Jose Angel zenaren amari.
Sudur puntak gorrituta begiratu zioten lehenengo ilarako aurpegi zurbilek eskuak gora eta behera dantzatzen zituen apaizari. Begiradak beste nonbait galduta bezala, hantxe ziren Bonipaxi, Luzia eta sei seme-alaba zaharrenak. Ondoan izango ziren hilobizale lanetan ibilitakoak ere, kanposantutik bueltan, galtza barren lokaztu eta alkandora izerdituekin. Luziarena izango zen, ordea, han sentitu zitekeen hoztasunik handiena: eliza ingurua estaltzen zuen antzigarrak gorputza hartu ziola ematen zuen, belo ikusezinean bilduta. Baserriko lanak laztutako eskuak bularraren kontra estututa, anima bat omen zirudien. Ez da lana, baina, pertsona hondatzen duena, nahigabea baizik, eta halaxe onartuko luke aurreko astean Luziaren indarra ikusi zuen edonork. Itzaliak ziren grin guztiak eta azalaren lustrea. Hala imajinatu izan zuen behintzat Mikelak etxekoen kontakizunaz josi zuen eszena.
Ez zen gutxiagorako, gainera. Ez zen besterik aitatuko, hiletara doluminak ematera baino, herriko azken kontuen berri jakitera joandakoen artean. Lepoak tente, eskuak bularrean elkartuta, kristau ezin hobeak zirelako ustearekin: «49 urterekin, gizarajoa», «gajoa Luzia, a ze udibaia etorri zaiona», «aurretik bi ume jaioberritan galduta, gainera», «apendizitisa izan omen da, eta Don Joaquin haren ondoan, zer gertatzen zitzaion ezin asmatuta!», «zer gertatuko ote da orain baserriarekin?».
Luziak ez zituen koru hartako ahotsak entzuten, ordea. Ingurukoek egurrezko bankuan eserita ikusten zuten arren, Iruinbarrenako sukaldean zegoen haren gogoa, hiletara etorri ez zen alaba txikiaren aurpegi maleziagabekoari begira.
Mikela aita noiz esnatuko zen galdetzen ari zen, bere aita maitea, bizkarrean hartuta Lertxundiko zelaian zituzten sagar mota ezberdinak ezagutzera eramaten zuena.
Mikelaren begien koloreko zaldia erosita bueltatuko zela zin eginda irten zen bart etxetik Hermandadekoekin afaltzera. Ametzaririk ederrena erosiko ziola agindu zion, baina nork ulertarazi lau urteko umeari, zaldirik gabe geratzeaz gainera, aita ez zela bizirik bueltatu.
Luziak parean zeukan apaiza baino garbiago ikusi zuen neska txikia, belaunetik behera tanta bero bat irristatzen zitzaiola. Kosta egin zitzaion malkoei eustea, baina kopeta zimurtu eta burua tente jarraitu zuen, erretaulako San Migeli begira; urre kolorez margotutako zutabeen erdian ageri zen, garaitutako deabrua oin azpian. Armadurak eta hego loriatsuek bezainbesteko errespetua sortzen zuen ezpata distiratsuak. Eskuak estutu zituen Luziak, larritzen zen guztietan bezala; San Migelek babestuko ahal zuen Jose Angel han goian!
Bazuen forma ematen ausartzen ez zen beste buruhauste bat ere, bazen-eta Jose Angelek aitarekin erosi zituen lurren jabe egin nahi zuenik. Zortzi seme-alaba zeuzkan berak aurrera ateratzeko; aurreak erakutsi beharko zuen atzea nola dantzatu.