Eztia eta ozpina

Patxi Zubizarreta

(Ordizia, 1964). Literatura arabiarraren zalea, mundu hori ardatz harturik, idazle gisara Eztia eta ozpina eta Atlas sentimentala nobelak idatzi ditu, eta Mila gau eta bat gehiago antologia paratu du; itzultzaile gisara, Ali Baba, Aladin eta Sinbad marinela euskaratuak ditu, eta baita ere Nagib Mahfuz-en Mila eta bat gauen gauak eta Mirarien kalezuloa, edota Abdela Taia-ren Salbazioko armada.

Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47).







Azala: Junkal Motxailek egina, jarraian zehatzen diren argazkilariek Unsplash-en jarritako argazki bana erabiliz: Ali Tareq (aurpegia), José Gascón (Eiffel dorrea) eta Timothy Simon (basamortua).

© 1995, Patxi Zubizarreta

© Edizio honena: 2018, ALBERDANIA,SL

Plaza Istillaga, 2, bajo C. 20304 IRUN

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net



Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-423-0

Legezko gordailua: SS. 197/2018

PATXI ZUBIZARRETA

Eztia eta ozpina

A L B E R D A N I A

S A I A K E R A

 

 

 

Aurrena asto larrua abandonatu zenuen,

hurrena zezen larrua zeharkatzeko eta,

azkena, oilarrarenera iristeko,

baina guztietan ere zorriak topatu zenituen.

Mohamed Xukri

 

 

Lehen Atala

Marrakexeko ametsak

Urtero-urtero, uda partean, Imlileraino auto bakar bat iristen zen. Herriko haur eta gazte guztiok begiak bideari lotuak izaten genituen eta, halako batean, bidean gora hauts zirimola bat altxatzen nabaritzen genuenean, zeregin guztiak bertan behera utzi eta Mohamedi ongietorria egitera joaten ginen, zeren Mohamedena baitzen urtero-urtero, uda partean, gure herrixkaraino iristen zen auto bakarra.

Bidera oihuka eta ziztu bizian ateratzen gintzaizkion, eta orduan, berak, Renault dotorearen leihatilatik, Frantziatik ekarritako goxokiak botatzen zizkigun, “purra, purra!”, oiloei bezalaxe.

–Ea astopista hau behingoz garbitzen duzuen! –esan ohi zigun irriz karkailaka–. Hau al da herritarrak hartzeko modua?

Mohamed, gure anaia Abdelhadiren lagun mina zen, eta ni irrikatzen egoten nintzen haren berri izateko.

–Iritsi al da Frantziara? Iritsi al da? –galdegiten nion autotik jaitsi bezain laster.

Alabaina, Mohamedek lehen-lehenik Yamilarekin egon nahi izaten baitzuen (hari eskainiko zizkion urtean zehar gordetako musu guztiak; harentzat ekarriko zuen harribitxi edo zetazko zapi ederren bat), niri itxaroteko esaten zidan, beste batean lasaiago hitz egingo genuela, eta bien bitartean garbitu bat emateko bere auto hautsez beteari.

Lagunartean, oilarrak baino harroago egoten nintzen ni Mohameden begikoa izateagatik, niri beste inori ez baitzion aginduko autoa garbitzeko. Eta hura Yamilarenetik etorri artean eta garbiketari ekin aurretik, autoan sartu, bolanteari heldu eta, amets egiten nuen aurrena Marrakexerantz abiatzen nintzela, eta zikoinen antzera hurrena Gibraltarreko itsasarte entzutetsua zeharkatzen nuela, hurrenago Espainia osoa eta, azkenik, behin Frantzia-raino iritsirik, Mohamed bezala aberastu egiten nintzela…

Etxean, ostera, ez zuten Mohamed oso maite. Gure aitak, esate baterako, Alegorri alaena deitzen zion, eta uda oro opariren bat ekartzen zigun arren, aitak mespretxuz begiratzen zion. Eta niri ere hala moduz begiratuko zidan etxera lasterka heldu eta, pozaren pozez, Mohamed eta Abdelhadiren azken berriez mintzatzen hasiz gero, zeren bi izen haiek erabat debekatuta baitzeuden gurean.

Arratsaldero, Mohamedek toki ezkutu samar batera eraman ohi zuen Yamila, ni ahuntz eta antxumeekin ibiltzen nintzen ibarretik ez oso urrun, eta handik bikoteari zelata egitea atsegingarria zitzaidan. Nire gordelekutik, Mohamed Yamilaren gainean etzaten ikusten nuen eta, barre ttiki artean, jostatzen nola aritzen ziren. Hastapenean, Mohamedek neskaren adatsa laztandu, haren ileak korapilatu eta zertxobait xuxurlatzen zion belarrira; eta Yamilak batzuetan jotzeko mehatxua egiten zion, eta beste batzuetan musuka hasten zitzaion. Yamilak musu emanez gero, Beltzak, gure akerrak ahuntzekin bezalatsu jarduten zuen Mohamedek.

Ni luzaroan egoten nintzaien barrandan, harik eta eskutik lotuta joaten ikusten nituen arte. Orduan, jostetan txanponen bat-edo jausiko zitzaielakoan, haien ezkutalekura inguratu eta miaketan hasten nintzen. Garai hartan ezagutu nituen, aurreneko aldiz, Mohameden hazia gordetzen zuten zorro lirdingatsu haiek; baina Marrakexera joan arte ez nuen jakiterik izan haiek zertarako balio zuten.

Yamila Mohamedekin haserretu zen egun batez, behingoz, gure anaia Abdelhadiren azken albisteak ezagutu ahal izan nituen. Egun hartan, biak kontu ixilka aritu ostean, bat-batean Yamila altxatu eta ez hitz ez hitzondo utzi zuen Mohamed. Hark burumakur jarraitu zuen neskaren atzetik: barkatzeko eskatzen zion, dena delakoa txantxetan izan zela eta ez ziola halakorik berriro esango; baina ni nengoen aldera inguratu zelarik, etsi egin zuen.

–Gazela gaztea izan arren, ederki ikasi dik muturrak erakusten.

Nik ez dakit bere buruari ala niri zuzendu zitzaidan. Hala ere, gero bai, gero niri begiratu eta proposamen hau egin zidan:

–Tira, Selim, lore sorta eder bat biltzen laguntzen badidak, frantses libera bat emango diat; eta bukatutakoan, nahi baduk, hire anaiaren berri emango diat.

Abdelhadi aipatu izan ez balu, libera batek zenbat dirham egingo ote zituen pentsatuko nuen; galdetu ere egingo nion seguruenik, baina behin anaia hizpidera ekarrita, larritu egin nintzen zeharo. Hiru bat urte baziren Abdelhadik etxetik alde egin zuela, eta harrezkero inoiz ez genuen haren albiste bakar bat ere jaso. Aitak, bestalde, anaiaren izena aipatzea arras debekatua baitzigun, horrek gure jakin-mina areagotu besterik ez zuen egiten.

–Iritsi al da azkenean Frantziara? –braust galdegin nion.

–Oraingo honetan iristekotan egon duk, baina azken ahaleginean harrapatu egin ditek…

Astoaren mandolina! Berriro ere harrapatu… Eta erantzunaren ondoko isilune latzean, loreak bildu bitartean, nire lagunez oroitu nintzen. Haiek argitu zidatenez, gure anaia jaio zelarik, emaginak limoi bat hartu, labanaz erdibitu eta tanta bana isuri zuen haur sortu berriaren begietan. Horren ondotik, umeari ahoa irekiarazi eta, usadioari jarraiki, hatz erakuslea sartu zion. Antza, hortz ttikiren bat antzeman zion, zeren fitsik ere esan gabe (ezta ohiko “Mutiko argia eta bizkorra izango da” hura ere), kopetilun alde egin baitzuen. Eta haurtxoari hortz goiztiarrik topatzea adur txarrekoa baita, denek pentsatu zuten Abdelhadi zorigaiztokoa izango zela eta bizitzak ez ziola ezer onik ekarriko. Dena dela, anaiaren haur denborako kontu haiek beti etxetik kanpo eta trufa giroan entzunak nituenez, ezin bada jakin sinetsi beharrekoak ziren ala ez.

–Oraintxe Tangerreko zezen plazan zagok –gaineratu zuen–, milaka atxiloturekin batera. Haietako asko eta asko Gibraltarreko itsasarte madarikatuan harrapatu zitiztean; beste batzuk, ordea, hire anaia kasu, urrunago atxilotuak izan dituk.

–Lortu al duk anaiarekin hitz egiterik? Ongi al dago? Zerbait gehiago kontatu al dik? Goraintziak eman al dizkik? –bota nion arrapaladan.

–Bai, oraingo honetan, diru apur baten truke, izan diat berarekin mintzatzeko aukerarik.

–Eta, eta…? –estutu nuen urduritasunak joa.

–Azken saiakeran ia Frantziako mugaraino heldu zuan, Donostia izeneko hiri bateraino. Han bazuan portugaldar arraio bat, kamioizaleekin harreman onak omen zeuzkana. Haiekin elkar hartuta, aldian hiru, aldian bost lagun Frantziara kamioian gordeta eramaten zitiztean, baina hire anaiarena gertatu zenerako, polizia susmoa hartuta zegoan eta, halakoetan normala denez, ba, zera, kamioizale zorrizaku batek portugaldar mugalaria salatu egin zian… Geratu bezala, gauerdian bazaudek portugaldarra eta hiru lagun hiriko hilerriaren atarian, bazatorrek kamioizalea trailerrarekin eta hire anaia-eta atoian sartzekotan daudela, merde!, polizia bertan! Orain, esaten diat, Tangerreko zezen plazan zagok, auskalo noiz arte, baina ez dik etsitzen… Dena dela, aginduidak ez duala honetaz txintik ere esango; hire anaiak inork ezer ez jakitea nahiago dik. Frantziara iristean, orduan bai, orduan berehala jakinaren gainean jarriko zaituzte.

–Lasai egon, hori ez zioat esango ezta infernuko otsoari ere –hitz eman nion.

Nola esango nuen bada! Etxean ezinezkoa zitzaidan anaia aipatzea eta, bestalde, lagunartean ez nuen lotsagarri gertatu nahi. Eta Mohameden kontaketak bihotza ilunduraz betea zidala, Ighighayene errekako uretan doi bat freskatu eta lore bila jarraitu nuen. Baina… Eta Mohamedek istorio haiek ni beldurtzeko eta Imliletik ez alde egiteko kontatu izan balitu? Zeren ni irrikatzen bainengoen handik hanka egiteko eta sakelak bete diru itzultzeko. Gainera, ni ez nintzen Abdelhadi bezalakoa; jaio berritan, niri ez zidaten inongo hortzik antzeman. Zalantza izpirik gabe, gure anaiak baino zorte hobea izango nuelakoan, Mohamedi honela setatu nintzaion:

–Nik ere hemendik ospa egin eta hi bezala aberastuta itzuliko nauk. Aitari traktore bat erosiko zioat, amari zetazko soinekorik ederrena, eta arrebei lurrinik garestienak ekarriko zizkieat…

Ez zitzaidan batere gustatu Mohameden ezpainetan une hartan zabaldu zen irribarre biratsua.

–Pentsa ezak ongi, Selim. Nondik lortuko duk Frantziara joateko dirua? Nik gero libera bat emango diat, baina halako asko, mordoa beharko duk haraino heltzeko. Paperak ere beharko dituk, hemezortzi urte beteak izan eta, ahal dela, lan kontraturen bat…, bestela jai daukak.

–Aurrena Marrakexera joango nauk. Ez diat presarik. Hemezortzi urte bete arte bertan lan egin eta dirua aurreztu ostean, zikoinak udaberrian bezala joango nauk, hegan-hegan –mintzatu nintzaion, besoak hegal bihurturik.

–Gogoan izan behintzat Abdelhadiri zer gertatu zaion… –bota zidan, mehatxu bat egiten den doinu bertsuarekin–. Eta kontuz, gero, nik kontatutako ezer esaten baduk!

Azkenean Yamilarentzat lore sorta polita osatu, eta Mohamedek agindutako libera eman zidan. Txanpon hura eskuan, une batez zoriontsu sentitu nintzen: dagoeneko baneukan nire bidaiari ekiteko lehendabiziko libera.

Egunen batean ni ere auto handi batean itzuliko nintzen Imlilera, eta haurrei leihatilatik nahi bezainbeste goxoki botako nizkien, “purra, purra!”, eta bai gurasoei bai arrebei opari mordoa ekarriko nien, eta ongietorria ospatzeko, Marrakexetik nahitara ekarritako musikariekin, jai ikaragarria egingo genuen. Bai, inondik ere ezin nintzen esku hutsik itzuli. Eta udan, Imlilera bidean halako hauts zirimola nabaritzean, haurrek ez zuten jakingo Mohamed ala Selim zen opariz gainezka zetorrena.

Mohamedekin egon nintzen egun hartan Hiazunekin egin nuen amets, esan nahi baita, Gabriel goiaingeruaren zaldiarekin. Alak Mahomari bere asmoak adierazi nahi zizkiolarik, Gabrieli deitzen zion, eta hura pentsamendua baino azkarragoa zen Hiazunez baliatzen zen, zaldi nekaezin eta ezin ederragoaz. Ametsetan, kopetan izar zuri bat zuen zaldi harexek, urruneko hiri zoragarrietara eraman ninduen, eta itzulian, ondasunez gain, nire atzealdean Abdelhadi bera ekarri nuen.

Alde egiterakoan, gure anaiak Marrakexera zihoala esan zuen, soldadutzarako paperak-eta prestatzera; baina etxean inortxok ere ez zion sinetsi. Sekula ezer esan ez bazuen ere, denok jakitun ginen: bere lagun Mohamedek ordurako egina zuen bezala, bera ere irrikatan zegoen Frantziara joan eta handik sakelak bete diru itzultzeko.

Abdelhadi, ostera, neba-arrebetan zaharrena zen eta ez zeukan familia eta etxea nolanahi uzterik. Hargatik, zeharka nahiz zuzenki, haren asmoak itzaltzen saiatzen zen aita:

–Urruneko pikoak hamalau, bertaratu eta lau.

Ahaleginak ahalegin, Abdelhadik hanka egin zuen, eta gu denok ohi ez bezala agurtu gintuenean, aita mendira joan zen bere amorrazioa ezkutatzera. Handik ikusi zuen bere oinordeko agurtu gabea joaten, eta handik zurbil baino zurbilago itzuli zitzaigularik, betiko debekatu zigun Abdelhadiren izena gehiago aipatzea, gehiago hizpidera ekartzea. Aurrerantzean Abdelhadi oroimenaren kaiolan gorde beharko genuen, eta apika horrexegatik izango nuen nik beti hain present.

Ni joan nintzenean ere, antxumea kendu dioten ahuntzaren antzera geratu zen aita, edota Tubkal mendi gainera laino konkorrak abailtzen direnean bezalaxe. Baina nirekin oso bestera jokatu zuen: ez dakit nongo indarrak bilduz, bere kontra besarkatu eta jarraian bi oilasko eman zizkidan.

–Tori. Nahi izanez gero Asniko azokan sal ditzakek; itsasoa zeharkatzeko eta Frantziaraino ailegatzeko dirua franko beharko duk-eta.

(Artean inork ez zekien itsasoa zein erraz zeharkatuko nuen eta, are gutxiago, ibai madarikatu bat zeharkatzeko hainbeste sufrikario jasan beharko nuenik…).

Ighighayene errekaren ibarretik jaitsi nintzen, aitarekin eta Osabarekin (halaxe deitzen baikenion gure asto urdinari) makina bat alditan ibilitako bidezidorretik. Handik Asniko azokara joan ohi ginen, bi astez behin; eta han garagarra, garia, oilaskoak, arrautzak eta opilak saldurik, koloretako artilea, nekazaritzako tresnaren bat, edo beste zerbait erosi eta atzera Imlilera kontu--kontari itzultzen ginen. Baina oraingo honetan arranoa baino bakartiago nindoan, eta oroipenek gainez egiten zuten neure baitan.

–Haur denboran –hasi zitzaidan behin aita–, orain hirekin bezala, Asniko azokara gure aita zenarekin joaten ninduan. Oraindik ere oso gogoan diat hara joan gineneko lehen aldia: “Atta”, galdegin nioan, “Aroumd-ik Asnirako bidean ba al da beste herririk?”, artean Aroumdik sekula irten gabea bainintzen. “Bai”, erantzun zidan, “harakoan herri bakar bat zagok: Imlil. Atlaseko mendi guztietan barrena, Imlileko emakumeak baino lirainagorik ez duk inon aurkituko”. “Eta Asnitik aurrera, ba al dago beste herririk?”, galdegin nioan jakin-nahiz beterik. Eta orduan hark: “Bai, Asni igaro ostean, Tahanaout herria zagok; handik urrun Marrakex hiri gorria, eta gero, gero itsasoa zagok…”. Baina denboraren poderioz jakin nian, jakin, itsasoaren bestaldean ere hainbat herrialde bazela, Alaren berririk ez zutenak eta hurbilago ere hainbat hiri entzutetsu zeudela, hala nola Fez, Rabat eta Dar-el-Baida (Casablanca). Horregatik ni larri egoten ninduan Aroumdera familiarren bat noiz etorriko, edota ipuin kontalariren bat heldu eta mundu zabaleko istorioak konta zitzan; baina hori oso aldi gutxitan gertatzen zuan, jaietan edo herriko norbait hiltzen zelarik.

Asnirako bidean, bihotz barrenean poza oroiminarekin nahasten zitzaidan, bozkarioa tristurarekin, eta halako egonezin kilikagarri batek gaizkitzen ninduen. Orain ni neu nintzen itsasoa zeharkatu eta Alaren berri ez zuten herrialde haietara zihoana…

–Etxean –jarraitu nuen oroitzen–, haurrak nondik zetozen galdetzen genuenean, batzuek esaten zigutean Asniko azokatik ekartzen zituztela, saski ttiki batean; beste batzuek, ordea, Gabriel goiaingeruak ekartzen zituela ziotean, Hiazun zaldiaz baliaturik, eta gero geure etxe atarietan uzten zituela. Astoaren mandolina! –esaten zidan aitak, Imlilen agurtu berria nuen eta, soil-soilik aberastuz gero berriro besarkatu ahal izango nuen gizona.

Eta luze gabe, oroitzapen haiekin hunkiturik, ez aita eta ez Osaba, bakar-bakarrik heldu nintzen Asniko azokara. Bertan, aitak emandako oilaskoak ahalik garestiena saldu eta ondo gogoan dut bi gauza egin nituela: batetik arrautza bat erosi, zulatu eta, braust!, gordinik irentsi; eta bestetik, azoka egunetan jartzen zituzten ile apaindegi batera joan, ilea moztera.

Bizargina oso gizon gisakoa zen, berbatsua bera bezalakoa, eta haren bidez jakin ahal izan nuen arratsaldean Marrakexera itzultzeko kamioi bat etortzen zela, eta ezer gutxi ordainduta, nik ere izango nuela atoian joaterik. Beraz, oinez bi egunetan egin beharreko ibilaldia, kamioian, trinkili-trankulu, lauzpabost ordutan egin nuen.

Kamioiaren atoian hamabost bat pertsona abiatu ginen, hango fardel eta animalia pilarekin erabat nahastuta. Eta ilunabar aldera, hirira heldu eta hango harresiei begira harri eta zur nengoela, bizarginak honela esan zidan:

–Hauxe duk, ba, Marrakex. Hiri Gorria ere esaten zaiok, zeren gorritasun hori baita zerua ilunabar oro gorriztatzen duena. –Eta berehala aitaren esanarekin gogoratu nintzen, eta hiriaren ondotik zegoen itsasoarekin…

Eta haste-hastetik txundituta utzi ninduen hiri gorri hartan, bi urte pasatxo eman nituen.

Oilaskoen salmentatik geratzen zitzaizkidan dirham bakanekin, haurtzaroko txilaba zarpaila bota, eta bazarrean praka luze zaharkitu batzuk erosi nituen. Gero, bidezorroan ekarritako fosil bat niki baten truke aldatu nion auskalo nongo turista bati. Eta janzkera berri harekin, oharkabean ia, Marrakexera hurbiltzen ziren turista dena-ikusi-dena-erosi haien gidari bilakatu nintzen.

Hastapenean, tindategietan astolanean hastearekin batera, Asnin ezagututako bizargin eskuzabalaren etxean ostatatu nintzen. Handik puska batera, Mahjubi, haren semea, Dar-el-Baidatik (Casablanca) oporretan etorri zelarik, hiriko zoko-mokoak oro erakusten aritu zitzaidan. Aurreneko begiratuan gertatu ohi denez, Marrakexek liluratu egin ninduen: ametsetakoa zirudien Xema-el-Fna plazako giroa, ostegunero Bab-el-Khemisen egiten zen gamelu azoka, hiri gainean hegaldatzen ziren milaka enarak, eta abarren abarra. Alabaina, zenbat eta gehiago ibili hirian barrena, zenbat eta gehiago korritu hango sekretuen beloa, hainbat higuingarriagoa egiten zitzaidan…

–Hemen bakoitzak bere astoari egiten ziok arre eta, ahal dela, ondokoarenari arrantza eta enbarazu egin gabe –ohartarazten zidan bizarginaren semeak.